Patronatuak Modrego berretsi du kudeatzaile gisa
Miguel Indurain Fundazioaren Patronatuak berretsi egin du Ernesto Modrego Jiménez erakundeko kudeatzaile izendatzeko hautapen prozesuaren emaitza. Nafarroako Gobernuaren mendeko erakundearen erabaki-batzorde horrek, Modregoren beraren hitzetan, Fundazioaren kudeaketa maiatzaren aurretik zuzentzeko proiektua ezagutu du. "Etapa berri honen helburu nagusiak honako hauek izango dira: gure lana ikusgarriago egitea, gizartea Nafarroako kiroleko eragileen behar aldakorrez kontzientziatzea, gure pausoak ematea benetako berdintasunaren alde, laguntza modu berriak eskaintzea eta gure erronka guztiak aurrera ateratzeko finantzaketa iturri gehiago lortzea", azaldu zuen kudeatzaile berriak.
Miguel Indurain (Ohorezko Presidentea) eta Rebeca Esnaola (Kultur eta Kirol Kontseilaria eta Patronatuko Presidentea) bileraren buru izan dira. Haiekin batera, batzorde honetako beste kideek telematikoki eta presentzialki parte hartu dute. Modregoren plan estrategikoa ezagutzeaz gain, 2020ko kontuak onartu eta martxan dauden proiektuak eta etorkizunekoak birpasatu dira. Adibidez, kirolariei zuzendutako emaitzen araberako bekak, Familia-Erantzunkizun Programa eta Gazte Talentuena mantenduko dira, baita kirol egokituen, herri kirolen eta pilota federazioen hitzarmenak ere. Modu berean, saiatuko da Nafarroako Kirol Eskolaren formakuntza eskaintza zabaltzen eta gure pistako txirrindularitzari eta ipar eskiari laguntzen.
Erronka hau guztiak lortzeko, Modregok prestatutako plangintza jarraituz, Fundazioaren egitura sendotuko da, kirolariei laguntza integrala eskainiko zaie, prestakuntza eta dibulgazioa arlo transbertsalak eta erreferentziazkoak izanen dira eta baliabideak lortzeko programa bat diseinatuko da.