Ernesto Modrego, Miguel Indurain Fundazioko kudeatzaile berria
Miguel Induráin Fundazioaren (FMIF) gerentzia kontratatzeko prozesuaren hautapen batzordeak Ernesto Modrego Jiménezek aurkeztutako hautagaitzaren alde ebatzi du.
FMIF-ko Patronatuak urriaren 8an egindako bileran lehiaketa baterako deialdia onartu zuen. Lehiaketa urrian hasi zen eta hiru fase izan ditu (hautagaien aurkezpena, proiektuen defentsa eta elkarrizketa pertsonala finalistei). Horien bidez, 18 hautagaiek diseinatutako Fundaziorako proposamenak baloratu dira. Azken erabakia ohorezko lehendakariari, Miguel Induraini, Patronatuko gainerako kideei eta Batzorde Betearazleari jakinarazi zaie jada.
Ernesto Modrego Jiménez (Burlata, 1963) Zuzenbideko lizentziaduna da Nafarroako Unibertsitatean, eta, besteak beste, Espainiako Batzorde Olinpikoaren eta Unibertsitate Konplutentsearen Kirolaren Administrazio eta Zuzendaritzako masterra du.
Estatuko eta tokiko kirolaren arloan egin duen ibilbide profesionalean, esperientzia hauek nabarmendu behar dira: Nafarroako Gobernuak Tuteran zuen eskualdeko koordinatzailea, Burlatako Udaleko kirol-koordinatzailea, Nafarroako Beisbol/Sofbol eta Boleibol Federazioetako kudeatzailea, Sabadell Futbol Taldearen aholkularia edo SEDENA S.L.-ko sortzailea, administratzailea eta hainbat arlotako zuzendaria.
“Miguel Indurain Fundazioaren zerbitzura jarri nahi dut Nafarroako kirolari eta haren beharrei buruz dudan ezagutza guztia, kirolaren eta enpresaren kudeaketan dudan esperientzia emanez eta inplikatutako eragileei konfiantza-zerbitzua eskainiz”, azaldu zuen Modrego proiektuaren defentsan.
KUDEATZAILEAREN EGINKIZUNAK
Eginkizun hauek izango ditu, besteak beste: fundazioaren eguneroko kudeaketa, erakunde publiko eta pribatuen arteko lotura izatea, abian jarritako proiektuak garatzea eta inplementatu beharreko beste proiektu berri batzuk garatzea eta baliabideak lortzen laguntzea.
Gauzak horrela, Ernesto Modrego izango da FMIF-ko zuzendaritza exekutiboaren eta kudeaketa operatiboaren arduraduna, 4 urtez, datorren apiriletik aurrera. Horrela, entitateak bere egitura indartu, bere lana sendotu eta jarduketa eremuak zabaldu nahi ditu, Nafarroako kirol eragileen behar berriei egokituz.